XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eguneroko giroan ezohizkoak diren asoziazioak eskaintzen zaizkio haurrari, erreferentea ametsaren eta eguneroko errealitatearen elkarketan oinarrituz; horrela sortzen da fantasia, ezustekoa, irudimena, ezagunetik ezezagunerako bidea.

Horrelako ikuspegi batetik, haur literatura gehienbat fantasia da.

Rodari-ren jokuaren gakoa hortxe legoke: ezustean harrapatzen du haurra; eguneroko giroan era jakin batean garatuz joango litzatekeen gauza (albotasunezko logikari jarraiki: sua ukituz gero erre egiten da, adibidez), ezustean beste bide batetik bideratzen da (sua ukitu eta erraldoi bat agertu, edo sua ukitu eta aurpegia bonbilaren antzera piztu, adibidez).

Desbideraketa horrek sortzen duen zuloa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ezuste eta zorabio handiagoa sortzen da haurrarengan, orduan eta zorrozkiago akuilatzen da irudimena.

Normalean bururatuko ez litzaizkigukeen elkarketak osatzen dira, eta hortik egundoko indarra datorkio testuaren poetikotasunari.

Noski, Rodari-ren jokabidea irudimenaren arlo batean oinarriturik dago, ez du amaitzen irudimenaren eremua (mugagabetasuna aitortu beharko genioke eremu horri), ezta gutxiagorik ere; eta irudimenaren beste arlo batzutan mugitzen diren testu literarioekin ez daukagu zertan kontraesanak bilatzen ibili beharrik.

Eta gainera, irudimena bera, haurraren barne izaeraren arlo bat besterik ez litzateke; horregatik egiten zaigu interesgarria jarrera sintetikoak bultzatzea, ikuspegi osakor batetik (zeinak ingurunea, adina, garapen psikikoa eta abar bereizgarri kontutan izango duen), izaera horren alde desberdinak ahalik eta era orekatu eta zabalenean lantzearren.

Gizartean, eta eskolan bertan, (...).